Pertsonek egiten dituzte proiektuak

Joan den martxoak 19an, garai batean San Jose Langilea eguna ospatzen zen egunean, Tabakalerako Mediateka taldeak Asmoz Fundazioarekin elkarlanean antolatutako “Informazioaren kudeatzaile eta bitartekaria” formazioaren 3. edizioaren sarrera edo inaugurazio hitzaldia burutu zen.

Bertan edo streaming-ean Koldo Saratxagaren “Aro Berria, Modu Berria” hitzaldia jarraitzeko aukera izan genuenok, izan dugu zer pentsatua. Gauza asko aipatu zituen: egituretan ez dagoen gardentasuna, egungo gizarteak behar duen aldaketa, helburuen beharra… eta abar. Eman zigun zer pentsatua.

Hitzaldiaren nondik norakoak entzun nahi dutenek, sarean dute jada eskuragarri hitzaldiaren bideoa.

Hala ere, testu labur honetan, Saratxaga jaunak esandako ideia bati heldu nahi diot: “Pertsonek egiten dituzte proiektuak” esan zuenekoa.

Kultur proiektu desberdinetan aritu naiz azken hogeita piko urteetan. Aritu, ikasi eta disfrutatu.

Beti entzun eta berbalizatu dugu, lehentasuna proiektuek dutela eta ez pertsonek, hauek ordezkatu daitezkeela, inor ez dela ezinbestekoa… Kleenex zapieri ematen diegun tratua datorkit gogora.

Hau ez da guztiz horrela. Edozein proiektuk (banakakoa, taldekoa, enpresa mundukoa, kultur eremukoa…) aurrera edo atzera egiteko pertsonak behar ditu. Kontua da, proiektuak aurrera ateratzeko pertsonak aukeratzerako orduan asmatu egin behar dela. Hor dago koxka.

Saratxagari entzun nion, eta bat nator berarekin, pertsona guztiak sortzaileak garela, sortzaileak eta ekintzaileak gainera. Sorkuntza pertsonek berez duten gaitasuna dela, eta sorkuntza berrikuntza bultzatzeko eta garatzeko oinarria dela.

Talderako lankideak aukeratzerakoan hiru ezaugarri dituzten pertsonak behar ditugula aipatu zuen: egonezinak, inkonformistak eta ikonoklastak. Egia berdaderua.

Gaur egun, gure gizarte honetan, gehienek daukagu ezagutza minimo bat izateko aukera. Hortik aurrera, jarrerak (lagunekin, lanean, herrian…)eta perspektibak markatzen dute bata eta bestearen arteko ezberdintasuna.

Talde bat osatzen duen norbanako bakoitza desberdina da. Hori da aberastasuna. Pertsona bakoitzak ditu bere gaitasunak, eta talde bateko kide bakoitza elkarren osagarri da.

Ideia hauetan oinarritutako taldeak aukerak izango ditu talde perfektoa izateko ez bada, proiektu konplikatuena ere aurrera ateratzeko. Gaitasunez betetako taldea izango baita.

Arantza Mariskal
Tabakalera - Mediateka
Arduraduna - Responsable

0 notas